Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Oraindik ez

2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago gara», esanez baloratu du Oihana Etxebarrieta kapitainak Jaizkibelen aurtengo desfilea. Gero eta gehiago izatea ez da aski, tamalez. Ez da aski Jaizkibelek desfilea normaltasun itxurazko batean egitea. Ez da aski plastiko beltzik eta irainik gabe egitea bidea. Ez da aski emakumeak onartzen dituen konpainia bakarra (Jaizkibel) izatea Hondarribian. Ez da aski desfile parekidean irteten ziren eta hura babesten zuten kideei urte osoan egiten zitzaien bazterketa eta jazarpena itxuraz amaitu izana ere.

Arriskutsua da, aurreko urteetan gertatutako guztiak gertatu ez direla argudiatuz, atzokoari normaltasuna deitzea. Batek baino gehiagok tentazioa izan dezake esateko auzia konpondu dela, desfilatu dutela inolako erasorik sufritu gabe. Auzia bere hartan utzi eta bertan goxo egitea nahiko duenik izango da, ziur. Baina auzia ez dago konponduta. Oraindik ez.

Oraindik konpainia gehienek emakumeak diskriminatzen dituzte, eta soilik kantinera gisa irteten uzten diete. Oraindik, konpainia horientzat, emakumeak desfile hasieran doazen apaingarri dira, edo kale bazterrean txaloka gelditu behar dute. Bestelako rol bat ere jokatzen dute, ordea. Lehen plastiko beltzari eusten zioten horiek, gero eta gutxiago diren arren, orain bizkarra ematen diote Jaizkibeli.

Baina auzi hau noizbait konponduko da. Ikusiko da nola zuritzen duten hainbatek euren jokabidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.