HIZPIDEAK
Neofaxistak Europaren erdigunean
Giorgia Melonik bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan non bortxaketa bat ikusten zen. Azaldu zuen bortxatzailea asilo eskatzailea zela, eta komunikabide nagusiek, konplizitatez, immigrazioa segurtasunik ezarekin lotu zuten, indarkeria matxistarekin beharrean. Melonik, beste behin, arrakastaz zabaldu zuen bere tesietako bat, eta inor gutxi asaldatu zen, publikoki bederen.
Hori da Italian arnasten den giroa; horixe izango da datorren legealdirako espero den agertokia, aurrera egiten badu Melonik Matteo Salvini eta Silvio Berlusconirekin osatu nahi duen gobernuak. Asaldagarria bai, baina ez da harrigarria; izan ere, azken hamarkadotako gobernuek elikatu dute Meloniren diskurtsoa —M5S 5 Izar Mugimenduak berak ere bai—. Berlusconik eta Salvinik urratutako bideari etekina atera dio Melonik, adierazpen hauekin jendea emozionatzea lortzeraino: «Bai familiari; ez LGTBI lobbyei. Bai sexu identitateari; ez genero ideologiari. Bai bizitzaren kulturari; ez heriotzaren amildegiari. Bai gurutzearen unibertsaltasunari; ez indarkeria islamistari. Bai muga seguruei; ez immigrazio masiboari». XXI. mendean, Mussoliniren miresleak Europaren erdigunean jarri dira, oposiziorik gabe.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.