Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Euskara ikasiz kontrako norabidean

2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskara ikasteko hamaika arrazoi eduki daitezke, eta arrazoi horiek mugituta milaka lagunek zapaldu dituzte urte luzetan euskaltegiak, barnetegiak, gau eskolak... Baina azken boladan arrazoi bat gailendu zaie gainerakoei: administrazio publikoan lan egiteko eskatzen duten titulua ateratzea. Titulua da euskara ikasteko motiboa, izan B1,C1 edo dena delakoa.

Kezkaz begiratzen diote horri euskaltegietako irakasleek, adibidez. Euskara ulertu, euskaraz hitz egin eta euskaraz bizitzeko helburuarekin baino gehiago, azterketa bat gainditzeko asmo hutsarekin matrikulatzen baitira ikasle asko. Alegia, autoeskolara bezala joaten direla, gidabaimena ateratzera. Baina gidabaimena ateratzeak bermatzen al du gidatzen jakitea?

Euskara ikasteko bidea kontrako norabidean egiten dutelako kezkatzen dira irakasleak, eta euskalduntzea zailtzen duelako horrek, edo behintzat ez duelako bermatzen. Arituz euskalduntzen delako pertsona bat, eta aritzearen poderioz lortzen den gaitasun horrek ahalbidetu beharko luke titulu bat atera ahal izatea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskatzen da titulazioa; Nafarroan, soilik eremu euskaldunean. «Bada zerbait», esango dute gainerako nafar, lapurtar, zuberotar eta baxenabartarrek. Baina zertarako titulu bat, gero gaitasunik ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.