Ipurditik gora gerrialde osoa bere lekutik kanpo zuela esnatu zen kazetari hau, atzo, odola bota eta bota, jarioak eta ezinegonak ahulduta eta makur, minak jota, madarikazioka, beste dimentsio batean. Bai, beste dimentsio batean, tentsioa apal; batzuetan, batzuk, ezer gutxirako egoten baitira, edo gorputzak uzten dienerako bakarrik.
Baina gorputzari erantzutea ez dago ondo, hilekoagatik bada behintzat. Atzotik gaixo baimena hartzeko eskubidea zuen kazetariak, baina zertarako? Eguna ahalik eta azkarren pasatu, egin beharrekoak egin, disimulatu, eta aurrera, pasatuko da eta. Ezin da geratu. Sukarrarekin bai, baina hilekoarekin ez.
Hemendik aurrera medikuarengana joan daiteke, eta hark erabakiko du hiru egun eman, agian bost, larritasunaren arabera: lurrean dagoelako, botaka, beherakoak jota, edota harriak izango balitu bezala, baina horretaz harago, gertatzen da, hilean behin, bereziki egun batean, ezinegona izatea, ezinegon handia, eta emakumeak aukera izan behar luke geratzeko, presiorik gabe. Nolatan geratuko da etxean, ordea, odoluste ziztrin batengatik?
Eta nork ez du entzun behar izan «pazientzia» behar dela emakumea hilekoarekin dagoenean? Eta? Gizonek hilekoa balute ez ote litzateke mundua geratuko hilean behin?

HIZPIDEAK
Hileko madarikatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu