mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gardena

2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
GuraSOS eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa berriro sestran hasi dira, elkarri leporatuz gezurretan aritzea. Zubietako errauste plantaren inguruko lurren azpiko uretan kutsadura arrasto handiak atzeman dituzte 2019tik. Badira hainbat txosten, erraustegiaren kudeatzaileak berak enkargatuak, horrela berresten dutenak. Administrazioak baditu txosten horiek, baina ez die publizitaterik eman. Instituzio publikoek komunikazio makineria izugarriak dituzte, baina nekez hasiko dira albiste txarrak ematen. Aldiz, komunikazio aparatu publikoek nahiago dituzte inaugurazioak, ekitaldiak eta gisa horretako albisteak. Eta horrela, esaterako, Zubietako errauste plantaren inguruan dioxina eta furano kontzentrazio larriak baldin badira, administrazioak ez die herritarrei jakinaraziko: txostena gordeko du, enpresarekin negoziatuko du, neurriak hartuko ditu edo ez, baina ez du deus esango. Eta ez du inork jakingo, norbait txosten horretara auskalo nola iristen ez bada —edo zabortegi bat amiltzen ez bada—. GuraSOSekin haserretu da GHK, eta informazioa «manipulatzea» leporatu dio errausketaren kontrako taldeari, baina GHK-k berak sortu ditu halakoak gertatzeko baldintzak: informazioari eta kudeaketari buruzko kultura gardenago batekin nekez gertatuko ziren halakoak. Eta, sestrak sestra, eta hiru urte pasatuta, inork ez du argitu 2019ko dioxina eta furano kontzentrazio hori zerk sortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.