mikel rodriguez
HIZPIDEAK

300 metrotan

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ez aitzinera ez gibelera gelditu da Egiptoko Suezko kanalean Ever Given ontzia, eta horrela egonen da denbora batean. 400 metroko ontzia, 300 metro zabal den pasabide bat trabatzen. 300 metroko tarte bat, globalizazioaren adierazle: trafikoa etenda, salgaiak berandutzen, prezioak goraka, enpresak eta gobernuak galdezka...

Aro historikoen tenperatura hartzeko lagin aproposa izan da Suezko kanala batzuetan. Sorreran bertan, Europaren eta Asiaren arteko trafikoan Afrika osoa gurutzatzeko beharra kendu zuen. Begi bistakoa da arlo batean baino gehiagotan eragin zuen iraultza.

1956an, berriz, Egiptok nazionalizatu egin zuen, eta Erresuma Batuaren, Frantziaren eta Israelen erasoa pairatu zuen horregatik. AEBek eta Sobietar Batasunak agindu zuten erasoaldi hura gelditzeko, eta XX. mendeko aro berria zer izanen zen erakutsi zuten: Europako potentzia kolonial izandakoen gainbehera, eta bi indar berriagoen Gerra Hotza. Duela hamar urte, Irango ontzi militarrak Mediterraneoan agertu ziren. Anaia Musulmanek zuten agintea Egipton. Israelek protesta egin zuen aztoratuta, baina, kanaleko trafikoa arautzen duen Konstantinoplako Konbentzioaren arabera, edozein ontzik gurutzatu dezake, tasa ordainduz gero.

Eta 2021ean ailegatu da Ever Given-en blokeoa. Pandemia baten erdian, Txinaren eta Europako Batasunaren arteko harremanak dependentzia eta mesfidantza lotuak dituen garai batean... zer adieraziko du orain Suezko termometroak? Anitzetarako eman dezakete 300 metrok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.