HIZPIDEAK

Espioiak

inaki petxarroman
@petxarroman
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Ez da marrazki bizidunetako telesail ezagun baten izenburua soilik, munduko gobernu guztiek disidentzia politikoaren aurka erabiltzen dituzten tresnak baizik. Euskal independentismoak eta ezker abertzaleak aspalditik ezagutu dituzte legez kanpoko espioitza eta jazarpena. Bat aipatzearren, 1998an Herri Batasuneko Gasteizko egoitzan espioitzarako tresneriarekin topo egin zuten Telefonicako teknikariek, eta laster deskubritu zituzten Espainiako zerbitzu sekretuekiko (Cesid) ageriko loturak. Egin egunkariak hainbat artikulu argitaratu zituen espioitza sare hori agerian utziz, eta, azkenean, Cesideko hainbat arduradun epaitu eta zigortu zituzten. Urte batzuk geroago, Jose Maria Aznarrek indultatu zituen denak.

Orain arrabotsa sortu du Kataluniako eta Euskal Herriko dozenaka politikari independentistaren aurka erabili den Pegasus espioitza programak. Duela hiru urte zeresana eman zuen Pegasusen bidez Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari egindako jazarpenak. Orain, orduan bezala, Espainiako Gobernuak ukatu egin du kasu horrekin zerikusirik izatea. Pegasus programa kudeatzen duen enpresa israeldarrak, baina, gobernuekin bakarrik lan egiten duela ziurtatu du. Urtea joan urtea etorri, disidentziaren aurkako jazarpenak betikoan jarraitzen du: bere demokraziaren kalitatea zalantzan jartzen delako sumindu plantak egiten dituen estatuaren estolden agendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.