mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Batasuna

2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Egiazki, gaur egun gauza gutxi egonen dira Nafarroa Garaian identitate bateratu bat osatzen dutenak, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Oinarrizkoena bai, norbere buruari nafar deitzea. Hortik aitzinera? Herriko bestetan betizuekin ikuskizunak antolatzea, rantxerak aditzeko afizioa, napolitanari garrote erratea, eta Miguel Indurain, akaso. Osasuna? Nafarrei ezaguna zaien kontzeptu bat agertzen da hor ere, zonifikazioarena, realzaleak gehiengoa diren zona batzuk baitaude, eta athleticzaleak... athleticzaleak toki guzietan daude—eta futbola interesatzen ez zaien herritarrak ahantzi gabe, noski—.

Garai batean erregeak batzen zituen nafarrak, erresuma independentea zenean eta errepublikanismoa okurrentzia bat ere ez zenean. Haietako batek lingua navarrorum bat ere izendatu zuen, baina gaur egun hizkuntza hori minorizatuta dago, alderdi batzuek eraikitako sare legal batek eremuaren arabera sailkatu egiten du herritarrek hizkuntza horrekin izan dezaketen harremana, eta legeak berak ezarritako mugak oraindik gehiago murrizteko lan egiten dute egunero.

Eta bandera? Koroarekin edo gabe, eredu hau edo hura, baina ñabardurak ñabardura, ez da nafarrak banatzen dituen auzi bat. Horregatik, zatiketa anitz dituen gizarte batean batasuna sustatzeko ahalegin altruistatzat hartu behar da udal batek aurrekontutik 100.000 euro xahutzea 30 metroko masta batean 8x12 metroko oihal bat paratzeko. Betizuak, rantxerak, garroteak, Miguel Indurain eta Foruen plazako bandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.