Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Mozorroak

2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Inauteriak ospatuko dituzte Euskal Herriko dozenaka herritan asteburuan, eta izango da norbait mozorroa azken ordurako utzi eta oraindik prestatu ez duenik. Egunkari batek egunero ematen ditu horretarako hamaika ideia; mozorroa transgresio gisa, salaketa gisa edo egunerokoaren gogortasunari umorez begiratzeko tresna gisa erabili nahi bada, behintzat. Independentzia erreferendumerako bidea itxi dieten eskoziarrez mozorrotu daiteke; edo etxea eraitsi nahi dietelako protestara atera eta Ertzaintzak atxilotu dituen Getxoko adinekoez; edo patrikak diruz bete dituzten banketxe eta petrolio konpainietako buruzagiez, herritarrei erosketa saskian dituzten produktu gutxi horiek ebasten; edo euren lan baldintza penagarriak salatzeko kalera behin eta berriro ateratzen ari diren osasun langileez; baita, NBEk ohartarazi duenez, urpean gelditzeko arriskuan dauden herrietako biztanleez ere.

Garrantzitsua da egunerokoari umorez begiratzea, besterik egiteko aukerarik ikusten ez denean bereziki. Arazo guztiok badute, baina, konponbiderako aukera, eta, agian, konponbidea jarri nahi ez dieten horietaz mozorrotzea litzateke onena. Traje ilunez jantzitako politikariz eta enpresariz beteko lirateke kaleak, ordea; aurpegi grisez eta ezertan amore eman edo urratsik atzera egiteko asmorik ez duen jendez. Tristeak lirateke inauteriak, bizipozik gabeak. Hori seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.