jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Piromanoak

2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Piromanoa suhiltzaile rolean. Hitzekin eta ekintzekin boto emaile zurien artean migratzaileen kontrako sua, gorrotoa eta bazterkeria bultzatu eta gero, orain «arrazakeria, intolerantzia eta zurien nagusitasuna» salatzen. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen hitzak ez dira sinesgarriak. Hala ere, tiroketak tiroketa, herritarren haserrea haserre, Trump da oraindik ere, armak erosteko muga gehiago ezartzea baztertu duen agintaria: «Buruko gaixotasunak eta gorrotoak sakatzen dute katua, ez armek». Eta armak erosteko muga zorrotzagoak jartzekotan, trukean immigrazio legea onartu behar dela esan die demokratei. Neurriak hartu beharra nabarmendu zuen duela urtebete, Floridako eskola bateko tiroketaren ondoren. Urtebetean ez du hartu neurririk, eta ez du aldatu ez jarrerarik, ez mezurik. Adierazpenak, adierazpenak eta adierazpenak.

Ez, Euskal Herrian ez dago Donald Trumpik, baina egon gabe ere, badira, haren moduan, suak piztu edota suak bizirik mantentzen lagundu eta gero, herritarren aurrean beren burua suhiltzaile gisa aurkeztu nahi duten agintariak: indarkeria matxistaren kontrako borrokan, migratzaileen aurkako mezuetan, gazteen kriminalizazioan, Voxen ideiak normalizatzeko saioetan... Eta horrela, Trumpen moduan, arazo horietan dituzten ardurak baztertu nahi dituzte, eta benetako errealitatea desitxuratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.