Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Hizpideak

Nazioarteko krisia

2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Emmanuel Macronek Amazonian gertatzen ari dena Miarritzeko eztabaida mahaira ekarri nahi du, deforestazioari «nazioarteko krisia» deritzolako. Baina baso soiltzea, besteak beste, abeltzaintzaren eta soja landaketaren ondorioa da. Europan eta AEBetan salduko den haragia ateratzen da sojaz elikatzen diren behi horietatik, eta aurreikuspenak ez dira batere lasaigarriak: izan ere, horrela jarraituz gero, haragi kontsumoa bikoiztu egingo da munduan datozen hogei urteetan. Jair Bolsonarok argi berdea emana die, nekazaritza eta abeltzaintza lobbyei ez ezik, baita legez kanpo basoak ustiatzen dituztenei ere —Frantziako eta Espainiako enpresak tartean—, edota meatzaritza eta proiektu hidraulikoei.

Ideia ona izan du Macronek gaia bere bilerara ekartzerakoan, mundua begira daukanean. Baina hartuko al dute neurririk deforestazioaren atzean dauden multinazionalen jarduera gerarazteko? Macronek Bolsonarori ohartarazi dio jarrera aldatzen ez badu arriskuan dagoela Mercosurrek eta Europako Batasunak hartu-eman ekonomikoak hobetzeko akordioa. Baina inork itzali al du deforestazioa gerarazteko motor ekonomikoa? Mugarik gabe ekoitzi eta kontsumitzekoa? Ikusi beharko da non geratzen diren ohartarazpenak, G7ak berea eman duenean. Macron espezialista baita marketinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.