mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Conan O'Brien Kuban

2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Barack Obama AEBetako presidenteak eta Raul Castro Kubakoak bi herrialdeen arteko harreman diplomatikoak berrezartzea erabaki zuten 2014ko abenduan, 53 urtez etenda eta tentsio betean egon ondoren. Begia zorrotz, Conan O'Brien umoregile estatubatuarrak aukera paregabea ikusi zuen saio deigarri bat egiteko, eta 2015eko otsailean bertan Habanan agertu zen lantaldearekin. AEBetako late night-aren izar nagusietako bat da O'Brien. Habanako karriketan grabatu zituen esketxak, kubatar anonimoekin, musikariekin... «Aro historiko bat» hasi zelako, «kubatarrak ezagutzera» joan zela erran zuen O'Brienek.

Hurrengo urtean bertan, ordea, Donald Trumpek hauteskundeak irabazi, eta lehengora itzuli zuen egoera. Orain, boterea galtzear dela, bertze traba bat paratu nahi izan du Obamaren bidea berreskuratzea zailtzeko, Kuba «terrorismoa babesten» duten herrialdeen zerrendan sartuta. Europako Batasunak berak kritikatu zuen neurri hori atzo, eta nazioartean hagitz eskasa da Trumpek egindakoaren babesa.

O'Brienek irlatik itzuli ondoren egin zuen gogoeta: «Estatu Batuetan Kubaz dugun irudia da iraganean eta bakartuta gelditu den herrialde bat dela, baina harat joanda ikusi genuen ez dela horrela, harremana dutela Latinoamerika osoarekin, Europarekin... Egiaz, gu gaude haiengandik bakartuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.