mikel p ansa
HIZPIDEAK

Bi lagun

2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Trumpen arbasoak alemanak ziren, eta Bolsonarorenak, italiarrak. Emigranteen ondorengoak dira orain America first eta Brasil acima de tudo builaka dabiltzan horiek. Ez da bien arteko antzekotasun bakarra. Beren gobernuak militarrez bete dituzte biek, segurtasunaren eta beldurraren diskurtsoa astintzearekin batera; ustelkeria salaketak eta ikerketak pilatu zaizkie inguruan, baita gobernatzen hasi aurretik ere; biek egin dute feminismoaren kontra, «genero ideologia» borrokatzera dei eginez; ideologia oso gisakoak partekatzen dituzte, elkarrekiko miresmena agertu dute jenduarrean, eta ideologiak besterenak direla ematen dute aditzera. Trumpen bilakaerak erakusten du Bolsonarorena zein izan litekeen. Trumpek haserre bukatu du bere laguntzaile gertuko askorekin, eta bere asmo politiko askotan atzera egin behar izan du, edo erdizka eta denen kontra garatu behar izan ditu. Bolsonarok gehiengoak izango ditu bere alde, eta seguru asko baldintza errazagoak edukiko ditu erabaki asko aurrera ateratzeko. Baina bere izaerak beste pitzadura batzuk ageri ditu Trumpen aldean. Eta ezin da ahaztu Messias duela bigarren izena, Jair Messias Bolsonaro. Bere herrialdea sozialismoaren uztarritik «askatuko» duela dioen Messias batengandik, hiru aldiz betirako ezkondu arren «tradizio judu-kristaua» defenditzen tematzen den norbaitengandik, kontraesanetan errege izan arren koherentziaren eredu gisa agertzen denarengandik, edozer gauza espero liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.