inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Gobernu «aurrerakoia»

2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Gobernu «aurrerakoia» osatu nahi du Maria Txibite PSNko idazkari nagusiak Nafarroan, baina hartatik kanpo nahi du EH Bildu, bere hitzetan, «aurrerakoia» ez delako.

Gobernu «aurrerakoia» osatu nahi du PSNk, baina Geroa Bai hartu du bazkide nagusi, eta haren barnean EAJ ere badago, zeina aurrerakoitzat jotzeko malgutasun dezenterekin hartu beharko litzatekeen hitzaren esanahia.

Gobernu «aurrerakoia» nahi du Maria Txibitek, eta EH Bildu operazio horretatik aparte nahi du, baina bazkide hartuko lituzkeen hiru indarrekin —Geroa Bai, Elkarrekin Podemos eta Ezkerra—23 boto besterik ez luke parlamentuan; hau da, gehiengorako hiru botoren faltan geratuko litzateke.

Gobernu aurrerakoia nahi du PSNk, baina Ferrazek argi esan dio ez dagoela ados, haren iraunkortasuna EH Bilduren esku geratuko litzatekeelako, eta hori marra gorri bat delako Espainian agindu nahi duen lehen indarrarentzat.

Gobernu aurrerakoia egin nahi du PSNk Nafarroan, baina ez dauka ez gehiengorik, ez baimenik, ez berme politikorik. Eta, EH Bilduren nolabaiteko onespenik gabeko exekutibo bat osatzea ezinezkoa duenez, agian hobe luke herritarrei etsipena aurreztu eta argi esatea zeintzuk diren beste aukera errealak: hau da, Navarra Sumari gobernatzen uztea edo Navarra Sumarekin batera gobernatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.