
HIZPIDEAK
Utzikeria
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen dekretuari buruz atera duen ebazpenak zalantza gutxi utzi ditu: euskarari buruzko politiken muga Euskararen Legeak jartzen du. Ezin da harago joan. Alde horretatik, ohar argi bat egin du epaileak: mugak non dauden seinalatu die uste dutenei euskararen lege horrek aurrerabide handiak ekar ditzakeela dekretuen bidez garatuz gero. Alegia, urrats esanguratsuak egitea ia ezinezkoa izango dela Euskararen Legea aldatu ezean. Baina ebazpenak askoz gehiagorako ere eman du, eta ezin da erregimenaren garaipen huts eta argi gisa hartu. Ahuleziak ere erakutsi ditu. Hizkuntza norbanakoen eskubide gisa aitortu, baina legeek hori ez ahalbidetzea ahulezia juridiko eta demokratiko larria da, adibidez. Eta ebazpenaren 43 orriak irakurriz gero, ikusiko da 38tan Juan Jose Lizarberen jarduna kritikatu duela epaileak —hura izan da UGTren eta SPAren izenean helegitea aurkeztu duen abokatua—. Zorrotz kritikatu ere. Aurpegiratu dio funts juridikorik batere gabea dela helegitea; gehienetan, laukoaren gobernuak legeari doitutako dekretua idatzi zuela ere zehaztu behar izan du epaileak. Lizarberen eta, hedaduraz, UGTren eta PSNren utzikeriaren seinale da. Forma juridikoak gorde beharrik ere ez dute izan, nahi zutena lortzeko. Eta zer nahi zuten? Euskara ikasi behar ez izatea lanpostu publikoetan aritzeko. Helegitea aurkezteko eduki duten utzikeria bera baitute euskararekin. Eta nahiago baitute denbora auzitegietan pasatu, euskaltegietan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu