Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Ez 'online', ez 'offline'

2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etenik gabeko kanpaina bat bilakatzen ari da Espainiako politika. Balizko demokrazia batean oztopotzat joko litzateke lau urtean lau hauteskunde izatea, leku gutxi utziko lioke eta, zalapartatik harago, kontsentsuak bilatzeko ariketari. Baina Espainiaren kasuan apenas aldatzen den ezer. Kanpaina amaigabean ez egonda ere, alderdiek ez dute-eta gaitasunik edota intentziorik erakutsi frankismoaren zilbor hestea apurtzeko.

Bipartidismoa amaitu zenean —amaitu bada—, gizarte plural baten isla egituratuko zela sinetsarazi nahi izan zuten boterera iritsi berriek, baina denborak erakutsi du sistemak sistematikoki irauteko mekanismoaren parte direla, eta Espainian ez dagoela gaurkoz ezer egiterik sistema hori aldatzeko.

Zerbait aldatzera zetorrela esan zuen azkena independentistak eskuin muturrarekin alderatzen ari da orain, eta Generalitatearen eskumenetan esku hartze larria egin berri du neurri «prebentibo» gisa «errepublika digital katalanari amaiera emateko», legea dekretuz onartuz, Guardia Zibilari tsunamia kriminalizatzeko agindua eman eta biharamunean. «Ez da inpedendentziarik izango ez online, ez offline», izan da Pedro Sanchezek kanpaina hasteko erabili duen esaldia. Efektu kolpea baino gehiago, beste kolpe bat demokraziarentzat, kanpainan egon ala ez egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.