Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Errepideko jarrerak

2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Asfaltoan geratu zen iaz 91 lagunen bizia, 2018an baino lau gehiagorena. Kopuru horrek zerikusi gutxi du orain urte batzuetako datuekin —2000ko hamarkada hasieran, urtean 300 lagun baino gehiago hil ziren errepidean—, baina bistakoa da errealitate gordina: hildakoen kopurua nabarmen gutxitu zen puntukako gidabaimenarekin eta beste neurri batzuekin, baina jaitsiera hori moteltzen ari da.

Datuetan badira aintzat hartzeko aldagaiak. Bat, generoarena: sei hildakotik bost gizonezkoak ziren. Bestea, garraiobidearena: auto istripuak daude buruan, baina kopuru handiak dituzte motozaleek eta oinezkoek ere —biak batuta, autoan baino gehiago zendu dira—.

Urtez urteko ikerketek erakusten dute zerk eragin ohi dituen ezbeharrak. Hiru motibo dira nagusiak: arreta galtzea —sakelako telefonoarekin, batik bat—, behar baino abiadura handiagoan joatea eta drogen eraginpean gidatzea.

Horra, beraz, gogoetarako abiapuntuak: nor eta nola hiltzen den errepideko ezbeharretan, eta zerk eraginda. Eta, batik bat, zer dagoen oinarrian: zer gidatze modu dagoen ondo ikusia edo gaitzetsia, bolantea hartzeak zer estatus ematen dion nori, errepidean dabiltzan gainerakoekin zer jarrera duen norberak. Joera ikusita, trafikoko neurri berriak hartu beharko dituzte erakundeek, baina puntuak eta radarrak baino inportanteagoa da jarreretara jotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.