HIZPIDEAK
Izen-abizenez
Sandra, Miguel Angel, Luis, Hamady, Doris, Gibbriel, Adriana, Said, eta Felix dira Gasteizko 23 etxegabek idatzi duten oharraren sinatzaileetako batzuk. Bizitzaren gordinena pilatzean geratu ziren kalean, norberaren arazoetan kateatuta: arazo psikiatrikoen ondorioz batzuk, alkoholarekiko edo beste substantzia batzuekiko menpekotasunengatik beste batzuk; laguntza sarerik ez duten langabeak dira hainbat, edota lan sistematik baztertutako adinekoak: babes sozial ahul batek bazterrean utzitakoak.
Kiroldegi hotz baten azpian elkartu zituen pandemiak halabeharrez, duela hiru hilabete pasa. Bospasei eguneko larrialdietarako pentsatutako kanpaina oheetan egin dute lo 100 gau baino gehiagotan, bata bestearengandik metro eta erdiko distantzia ozta-ozta betez, intimitaterik izateko aukerarik gabe, «ukuiluratuta, ganadua neguan bezala». Kexu dira udaleko ordezkariak ez direlako haiengana hurbildu ere egin, euren egoeraren berri gertutik ezagutzera. «Pandemia aurreko dinamikarekin jarraitzen dute».
Baina itxialdiak batu egin ditu, eta ikusezintasunari aurre egiteko bidea hartu dute: egoerek bultzatutako zulotik ateratzeko eskubideak berreskuratu nahi dituzte, atzean utzi kalea eta miseria. Pandemiaren aurretik kalean eta orain «ukuiluan» bizi izan duten mespretxutik eta ahanzturatik ateratzeko, izen-abizenekin.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.