mikel p ansa
HIZPIDEAK

Maskara erantziak

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Maskarak erantsi direnean erantzi dira maskarak, eta bistan gelditu da zer den funtsezkoa eta zer ez. Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak ere argi ikusi du euskara ez dela funtsezkoa zerbitzu publikoetan; pandemiak erakutsi du euskararik gabe ere bizi daitezkeela instituzioak. Euskara, askotan, gaztelaniazkoaren apendize ernegagarria dela: testua, adierazpena, prentsa oharra, dekretua, dena delakoa pentsatu eta (gaztelaniaz) idatzi ondoren egin beharreko tramitea. Pandemiaren larritasunean, geure buruak estututa ikusi ditugunean, erauzi egin ditugu funtsezkoak ez diren jardunak, eta euskarak presentzia galdu du agerraldietan, testu ofizialetan. Eta mezu inplizitu tristea ematen du horrek: larrialdietan euskaldunak ez dira funtsezkoak.

Baina ez da gertatu hizkuntzarekin bakarrik. Udan turismoa eta zerbitzuen sektorea salbatzeko egin den ahaleginak erakusten du zenbatekoa den herri honetan hirugarren sektorearekiko mendekotasuna. Eta nazioarteko garraioa bermatu beharrak erakutsi du lehen sektorearen ahultasuna. Eta zahar etxeetako heriotzek erakutsi dute zaintza zenbateraino antolatu den irabazi sistema baten arabera —sektoreko langileen errespetu guztiarekin esanda—. Eta egoera edozein dela ere lanera joan beharrak eta hori bermatzeko eskolak irekita edukitzeak erakutsi dute zeintzuk diren sistema honen joskurak. Jantzarazi dituenak baino maskara gehiago erantzi ditu COVID-19ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.