martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Europak bakartuta segitzen du

2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko herritarrek esaten omen dute Mantxako kanala lainoak hartuta dagoenean Europa bakartuta geratzen dela. Ez Erresuma Batua, baizik eta Europa. Kanal horren Frantziako ertzean 6.000 kamioi zeuden atzo geldirik, ez aurrera ez atzera, Frantziako lehendakari Emmanuel Macronen aginduz.

Brexit-aren gaineko akordiorik ixten ez dela ikusita, Frantziak presioa egitea erabaki du. Nola? Brexit gogorraren irudikapena ikusarazi nahi izan die Erresuma Batuko agintariei eta herritarrei. Halako «hori da hemendik aurrera gertatuko zaizuena ez badituzue Europak proposatzen dizkizuen akordioaren puntu nagusiak onartzen» bat. Macronen erabakia alde bakarrekoa edo Europako agintariekin adostua ote den ez dakigu, baina ezin zaio indarrik ukatu. Kamioi horien barruan doan kargaren zati handi bat jaki galkorrek osatzen dute.

Zoritxarra bakarrik ez datorren usteari arrazoia emanda, Erresuma Batuan jatorria eduki lezakeen SARS-CoV-2 birusaren aldaera berri eta, oraingoz, kezkagarri bat topatu dutenez,bertan behera utzi dituzte Europako hainbat estatuk hegaldiak Erresuma Batuarekin.

Mantxako laino zuria belzten ari zaie azken urteotan britaniarrei, eta berezko patxada historikoa ez da aski izango eragingo dizkien kalteak estaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.