mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Kasu zientzia fikzioarekin

2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Erran izan da XX. mendeko zientzia fikziozko obrek etorkizunaz kontu nabarmen bat ez zutela asmatu: sakelako telefonoak hartuko zuen garrantzia. Izan ere, auto hegalariak eta bidaia espazialak anekdota bat dira gaur egun. Obra argitaratu eta urte batzuk pasatzean, ohikoa izaten da igarle rola bete ote duen egiaztatzea.

Horixe gertatu zitzaion Steven Soderbergh zuzendariaren Contagion filmari duela urtebete. SARS-CoV-2 birusa mundu osoan hedatzen hasi zenean, sarean alimaleko arrakasta lortu zuen 2011ko film horrek. Txinan sortutako birus batek eragiten duen pandemia baten bilakaera kontatzen du. Berrogeialdiak eta karrika hutsak, maskarak, ilarak komertzioetan, eriak pilatzeko zentro handiak, aireportu hutsak... ez dira gutxi film horrek fizkionatu eta azken urtebetean egia bihurtu diren egoerak.

Bertze bat ere betetzear dela dirudi: immunizatuta dauden pertsonak identifikatzeko ziurtagiria. Contagion-en eskumuturreko eta barra kodeen bidez identifikatzen dira, eta, bertzeak bertze, bidaiatzeko beharrezkoa dute. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, hil honen 17rako prestatu nahi dute horrelako sistema bat, bidaiariek frogatu behar izateko COVID-19arekiko immunizatuta daudela. Sakelako telefonoarena ez zuen igarriko, baina, badaezpada, kasu eman zientzia fikzioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.