mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Hipoteka

2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Martxoak 11 ditu gaur, norbera non zegoen oroitzeko modukoak izan ohi diren gertakari batzuen urteurrena. Hamazazpi urte igaro dira Madrilen muturreko islamistek hainbat bonba zartatu eta 193 herritar hil zituztenetik. II. Mundu Gerraz geroztik gerra egoera batetik kanpo Europan biktima gehien eragin duen erasoa da, Lockerbieko hegazkinekoaren ondotik. Haren uhinak ere sumatu ziren Euskal Herrian, hainbat agintariren mezuek hauspotuta.

Eta handik zazpi urtera, gaur hamar urte, naturako fenomenoen eta giza sorkari baten arteko talka bortitzak hondamendi bat eragin zuen Japonian, Asiako ekialdeko muturrean. Nahiz eta munduko teknologia garatuenetakoa duen herrialdea izan, nahiz eta potentzia ekonomikoen podiumean egon, ezin izan zuen energia nuklearra kontrolpean izan lurrikara baten eta tsunami baten aitzinean. Historiaren patu ironiko eta mingarriak: inoiz egin den lehenbiziko eraso nuklearra —eta ustez bakarra— jasan zuen herrialdeak pairatu zuen historian gertatu diren istripu nuklear gutxi horietatik okerrenetakoa. Energia nuklearraren erabileran mugarri bat ezarri zuen Fukushimak. Horren aldeko lobbyak argudiotzat erabiltzen du istripuak ez direla maiz gertatzen. Baina Txernobylek ez bazuen argi utzi, Fukushimak oroitarazi zuen aski dela bat gertatzea —eta bat gehi bat, bira ailegatu dira jada—. Hipoteka garestia, mundu osoarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.