Indarkeria erabiltzea errentagarria izan zaio Benjamin Netanyahuri, baina orain ezin ditu pozik utzi boterean jarraitzeko alboan beharko lituzkeen alderdiak, zeren, joera ezberdinekoak izanik, ez baita erraza muturrekoen nahiak asetzea gobernuburua ukituta dagoenean. Ezer gutxirako balio izan dio gobernu krisia arintzeko estrategiak: egun gutxian pilatutako indarkeriaren ostean su-etena hitzartzea.
Palestinarren karta ez du nahikoa izan ustelkeriari eta iruzurrari izkin egiteko, ezta munduko herrialde gehienek aitortu dioten pandemiaren kudeaketa ere. Bi urtean baino gutxiagoan lau hauteskunde izan ondoren, aukera bat zabaldu da Israelek beste gobernu bat izateko, bihartik —edozer gerta daiteke—.
Naftali Bennett ultranazionalistak eman dio azken kolpea, Yair Lapid babestuko duela esanda. Netanyahuk ondoan izan du Bennett gobernukide gisa, eta aliantzetan, bere ibilbidea hasi zuenez geroztik, bien arteko aldea ez baita ideologikoa. Orain «traiziotzat jo» du Bennetten urratsa, azken batean kolonoen nagusitasuna ezartzeko proiektuak mahai gainean jarraituko duelako. Netanyahuk bezala, alderdi ezberdinekin osatu beharko du gobernua, baina, lehen ministroa jokoz kanpo utzita, eskuinaren gidari sendoa bilaka daiteke denborarekin, balizko gobernu berriak porrot egin bitartean.

HIZPIDEAK
Bennetten «traizioa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu