mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Barbaroen inbasioak

2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EB Europako Batasunak Polonia eta Bielorrusia arteko mugan du orain migrazio auziko puntu gatazkatsua. Duela pare bat hilabete Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuen Bielorrusia «eraso hibrido bat» egiten ari zela Asiako eta Afrikako migratzaileei EBn sartzeko bidea erraztuta. Orain, NATOk ere erran du Minsk «taktika hibridoa» erabiltzen ari dela. Baina zer dela-eta mintzatu beharko litzateke aliantza militar bat migrazio auzi bati buruz?

Limes-a barbaroen inbasioetatik defendatzen ari den Erromatar Inperioa balitz bezala portatzen da EB. Foederati-en politika bera ere imitatzen diola ematen du. Erromak, mugetan soldaduak eta hesiak paratzeaz gain, kanpoko herriak kontratatzen zituen inperiora inor sar ez zedin ardura zitezen. EBk Marokorekin, Libiarekin, Turkiarekin eta mugen inguruan dituen bertze zenbait estaturekin egin izan ditu halako akordioak, onura ekonomiko eta politikoen truke migratzaileei bidea ixteko. Baina, harrapakinaren beldurrak harrapariari adorea ematen dion bezala, estatu horiek jakin dute EBk immigrazioari dion neurrigabeko beldurra baliatzen, nahi dutenean Brusela estu hartzeko.

Soldaduak paratzeak, hesiak altxatzeak eta foederatia-k kontratatzeak, irtenbideak baino gehiago, buruhausteak eman dizkio EBri orain arte. Agian, hobe luke, barbaroek inbadituko balute bezala portatu beharrean, indarkeriatik eta bizi baldintza negargarrietatik ihesi doan jendea heldu dela ikustea, eta migrazio politikak horren arabera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.