HIZPIDEAK

Mehatxua

mikel rodriguez
@MikelR28
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Herenegun atxilotu zuten Loik Le Priol Frantziako militar ohi eta eskuin muturreko GUD Groupe Union Defense taldeko kidea. Hari leporatu diote joan den asteburuan Federico Martin Aramburu Miarritzeko jokalari ohia Parisen tiroz hiltzea. Argentinarra zen Aramburu, eta eraso xenofobo gisa ikertzen ari dira hilketa. Le Priol Hungariako Zahony herrian atxilotu zuten, Ukrainako mugan, eta, Frantziako hedabideen arabera, poliziei erran zien gerran borrokatzera zihoala.

Bertze auzi batean, berriz, Le Monde-k jakinarazi du jendarmeek duela egun batzuk 37 urteko neonazi bat atxiki eta epaile batek kontrol judizialpean paratu zuela Frantzia hegoaldean, Ukrainatik bueltatu berria zela.

Ukrainako gerrak arruntean polarizatu ditu narratibak, eta, polarizazio horretan, arrisku handia dago Vladimir Putin Errusiako presidenteak inbasioa justifikatzeko erabili duen «desnazifikazioaren» propagandaren zuhaitzek tapatzea Mendebaldeko eskuin muturraren mehatxuaren basoa.

Europa mendebaldeko herrialdeetan eskuin muturreko taldeen jarraipena egiten duten aditu, erakunde eta kazetariek ohartarazi dute militante eta jarraitzaile anitzek joan nahi dutela Ukrainara borrokara, eta beldurra agertu dute gatazka horrek mugimendu horientzat izan ote dezakeen muturreko islamista sunitentzat Siriak izan zuenaren pareko eragina; hau da, gerratik etxera itzultzea atentatuak egiteko trebakuntza eta determinazioa duten militanteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.