Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Euskara ez da eskubide bat

2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Kontsumitzaileen eskubideak arautzea eta bermatzea helburu hartuta, lege berri bat atontzen ari dira Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzak lege aurreproiektua aurkeztu du, eta, lege horren arabera, euskara ez litzateke eskubide izango, ez behintzat beste eskubideen mailan.

Entitate pribatu eta publikoen betebeharrak eta horiek ez betetzeagatik ezar daitezkeen zehapenak jasoko ditu lege berriak; baina bada atal bat, lege proiektua bere hartan onartuz gero, isun edo zigorrak jasotzetik salbuetsita geldituko dena: hizkuntza eskubideei dagokiena, hain zuzen ere. Berriro ere, euskara sustatu, suspertu, bizkortu eta bultzatzea aipatuko da testuan, baina, zehapenik jasotzen ez den bitartean, askok ez dute bete beharrekotzat joko, eta, ondorioz, nekez beteko da. Kontsumitzaileei eragiten dieten gainerako puntuak ez betetzeak zigor bat ekarriko badu, euskarari dagozkionak ez betetzeak zergatik ez?

2003ko legeak isunak jasotzen zituenez gero —Patxi Lopezen gobernuak moldatu zuen lege hura, 2012an—, lege berriari eskatu beharko litzaioke gutxienez orduko estatusa berreskuratzea, eta, benetan euskararen aldeko apustua egin behar bada, beste eskubideen mailan jartzea. Garaiz da oraindik legea moldatzeko. Gutxienez 2003koa berreskuratu beharko litzateke, eta, hogei urte igaro direla kontuan hartuta, hori ere ez litzateke ausartegia izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.