Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Talka judiziala helburu

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko independentzia erreferenduma 2014an egin zuten Eskozian, kasu hartan Erresuma Batuaren baimenarekin. Eta bigarrena egiteko bidea ireki nahi du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak; kasu honetan, eta oraingoz behintzat, Erresuma Batuko Gobernuak ezezkoa emango diola jakitun. Espero izatekoa zen Sturgeonen mugimendua. Iazko maiatzeko hauteskundeetan indartuta atera ziren independentistak —2011ko emaitzak berdindu eta inoizko emaitza onenak lortu zituen SNPk— eta kanpainan bigarren erreferendumerako bidea urratuko zutela hitzeman zuten.

Egoera nabarmen aldatu da 2014tik. Europatik kanpo geratzearen mamuak pisu handia izan zuen erreferendumerako kanpainan, eta brexit-arekin Erresuma Batua da Europatik at dagoena. Horrek eragina izan dezake eskoziarren boto aukeran, eta aukera erreala izan daiteke independentziarena —inkestek, egun, iragartzen dute %49 daudela independentziaren alde, eta %51 kontra—.

Parean, baina, Boris Johnson dago, eta ez David Cameron. SNPren bide orriak aurreikusi du Johnsonen ezezkoa, eta Eskoziako Parlamentuak erreferendumerako lege proiektua onartzea eta eskumen gatazka hori auzitegiek ebaztea nahi du Sturgeonek. Justizian jarri dute itxaropena. Eskoziarren alde,Espainiako Auzitegi Gorena ez izatea parean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.