mikel p ansa
HIZPIDEAK

Galderak

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ekopol taldeko Gorka Bueno irakasleak Zubietako erraustegiari buruz egindako ikerketa gezurtatu dute GHK-k eta Arantxa Tapiak. Erraustegiak, 2020an, isurketen gehieneko balioa ia bi mila aldiz gainditu zuela ondorioztatu du ikerketa horrek, eta 240 aldiz gelditu zutela 2020an eta 2021ean —eta geldialdi horiek kutsadura eragiten dute—. Tapiak erantzun du erraustegia ez zegoela martxan oraindik —2020ko abenduan jarri zuten martxan ofizialki, ingurumen baimena urte hartako ekainean jasota—, eta, martxan ez zegoenez, ezin zaizkiola aplikatu legediak jartzen dituen baldintzak. Kontuz ibili behar da halako adierazpenekin, ulertu liteke-eta halako planta bat ofizialki martxan ez dagoen bitartean nahi adina kutsatu litekeela. Baina Gorka Buenoren ikerketak beste auzi bat ere jarri du mahaiaren gainean: datu ofizialekin, erakutsi du 2020ko otsailetik abuztura 44.000 tona hondakin erraustu zirela Zubietan. Alegia, gutxi gorabehera, urte hartan Gipuzkoan sorturiko hiri hondakin guztien %14 —datua urte osora estrapolatuta, urteko hiri hondakinen %25 baino gehiago—. Zilegi al da probetan dagoen erraustegi batek —baimenik gabe artean— hainbeste hondakin erraustea? Are gehiago: hainbeste hondakin erreta, probako alditzat jo liteke? Errauste plantak kritikatzen dituzten lan guztiak gezurtzat salatzeko joera dute administrazioek, baina galderak egiten dituena ezin da asaldatzailetzat hartu, eta lasai dagoenak soseguz erantzun beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.