Badirudi Frantziako Hezkuntza Ministerioak higatze gatazka bat bezala planteatu duela ikastolek azterketak euskaraz egiteko eskubidea bete dadin egin dioten galdea: erantzunik ez eman, epea luzatu, keinu txikiren bat noizean behin, baina auzia bere horretan utzi, ea parekoaren indarra ur beroa bezala lurrundu eta agendatik desagertzen den. «Mespretxua» salatu dute, bertzeak bertze, atzo Bordeleko errektoretzan protesta ekintza bat egin zuten Seaskako gurasoek eta langileek.
Estatuek higatze estrategia herri mugimenduekin edo estatalak ez diren eragileekin erabiltzen dutenean, egituren gaitasunen artean dagoen desorekaz fio dira gailentzeko, Leviatan ez baita nekatzen. Teorian. Seaskaren borroka babesten dutenek bere garaian ohartarazi zuten helburua lortu arte ez zutela etsiko, eta, ekintzaz ekintza, hori ari dira erakusten.
Frantziako Errepublika isiltasuna eta ez ikusiarena egitea erabiltzen ari da funtsean asmilazio helburu bat dena betetzeko: hegemonikoa ez den berezko hizkuntza bat duen lurralde bateko gazteak behartzea bizitzako arlo formal inportante bat hizkuntza dominatzailean egitera. Hiztun komunitate bati —euskaldunei, kasu honetan— espazio publiko bat gehiago ukatzea. Hizkuntza bat desagerpenera eramateko prozesu natural horren bide orria.

HIZPIDEAK
Asimilazio helburu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu