HIZPIDEAK

Liburuekin bakean

martxelo otamendi
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Euskal kulturaren eta euskararen kostaldea argitu duen itsasargia itzali zen atzo Joan Mari Torrealdairen heriotzarekin. Itsasargia, dorrea, itzali da, baina luze iraungo du Torrealdaik hamarkadotan euskalgintzako ontziei erakutsitako argiak. Lemazain bikaina zen, trebetasun berezia zeukan taldean lan egiten; aspaldi ohartu zen ahulegiak zirela euskararen aldeko egiturak nork bere aldetik jarduteko.

Euskara landuaren eta kulturaren bultzatzaile nekaezina izan zen. Frantzian ezagutu zuen hizkuntza jasoaren beharra, etorkizunean indartsu iraun nahi zuen hizkuntzak ezinbesteko edukiko zuela edozein gai jorratzeko prestasuna. Horregatik bultzatu zituen euskarazko komunikazioarekin eta produkzioarekin lotutako egitasmoak: Jakin, Anaitasuna, Elkar, Euskaldunon Egunkaria, liburugintza...

Horretan hamarkadak eman zituen Torrealdaik, Guardia Zibilaren mandatuetako morroi lana egin zuen Juan del Olmo magistratuak Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi eta hamar kide atxilotzea agindu zuen arte.

Epaiketaren bukaeran, azken hitza hartzean, Torrealdaik magistratuei esan zien bere bizitzako azken urteak bere senideekin eta bere liburuez inguratuta igaro nahi zituela. Eduki dezala Torrealdaik orain Del Olmok eta torturatu zuten guardia zibilek ukatu zioten bakea, liburuz inguratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.