Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Hondartzak

2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Udako egunik beroenetako bat izan da, eta gaueko hamarretan arratsaldeko bostak dirudite Donostiako hondartza batean: jendez lepo dago. Jende asko dago uretan ere, eta bizpahiruko multzoen artean bat nabarmentzen da; ez da betetzen ari, ez horixe, Jaurlaritzak egindako «gomendioa»: hamabost lagun daude plisti-plasta, eskuan edalontzi bat dutela. Eskua altxatua du gazteetako batek, musika darion sakelakoa busti ez dadin: «Txandaka eutsiko dugu, e?», ohartarazi die lagunei. Barrez ari dira, zurrutean dabiltzan bitartean: «Arau guztiak betetzen ari gara. Hemen maskara ez da beharrezkoa, eta ezin esan botila festa egiten ari garenik ere», erantzun dio gazte batek marmarrean ari zaion gizonari.

Dena da hauskorra garaiotan, eta dinamikoa: apenas dagoen astirik etenik gabe aldatzen den egoera barneratzeko, eta pandemia globala izanagatik ere ez die denei berdin eragiten. Gazteek dute seguruenik helduek ezarritako arauetara egokitzeko zailtasun gehien, askatasuna ez da-eta ongi moldatzen tentazio autoritarioaren kutsua hartzen dieten neurriekin. Zaintza totalitario batean bizi direlako usteak eta gaztetasunaren eternitateak koktel arriskutsu bat egiten dute, baina nekez aldatuko da hori, erabakien oinarriak gardentasunez azaltzen ez badira eta behin-behinekotasuna argi geratzen ez bada. Hondartzak ez badira, mendiak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.