HIZPIDEAK
Eskuina nagusi
Pedro Sanchezek ez zuen batere arazorik eduki EH Bilduren aldeko botoekin Mariano Rajoyren zentsura mozioa onartu eta Espainiako presidente bihurtzeko. EH Bildu baldin bada «marra gorria», kargua utzi eta zentsura mozio haren efektuak desegin beharko lituzke Sanchezek? Orduan, zergatik bihurtu da orain arazo bat EH Bildu Nafarroan? Are gehiago galde liteke: zergatik da arazo bat EH Bilduren (balizko) abstentzio bat, Maria Txibitek hasieratik esan badu «marra gorria» izango dela eta ez duela koalizio horrekin negoziatuko? Nafarroa beste auzi bat da.
Eta, galderak egiten hasita, zergatik planteatzen da Txibiteren hautagaitzak EH Bilduren abstentzioa beharrezkoa duela? Ez du beharrezkoa. Navarra Sumak behar duen gisako leialtasun konstituzionalista edukiko balu, abstenitu egingo zatekeen Txibiteren gobernua ateratzeko, EH Bilduren abstentzioaren beharrik gabe. EH Bilduren abstentzioarekin gobernatzea horren «dramatikoa» bada —Voxek esana—, Javier Esparzak eman beharko lioke aukera Txibiteri kate horretatik askatzeko. Txibiteren (balizko) gobernuak 23 diputatu bailituzke, eta Navarra Sumarenak, 20.
Betikoa da: Espainian eskuinak jotzen du musika, eta PSOEk jarraitzen du haren baltseoan. Dantza lotuan. PSNren askatzeko keinu apalak erakutsi du, berriro, Espainiako ezkerraren ezinen muga. Inork exijitu dio Esparzari abstenitzeko? Inork eskatu dio Espainiako eskuinari besteei «marra gorriak» jartzeari uzteko?
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.