Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Erreferendum hotsak

2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Erresuma Batuaren aktualitate astinduan, dirdira berezia du Boris Johnson izar polemikoak, soka bihurrietan dantzan pozik dabilen funanbulistak. Amildegian eroso nabari zaio, brexit-aren arriskuen aurrean hazi egingo balitz bezala, eta ez dirudi etorkizuneko erronkek geraraziko dutenik. Espero bezala, ezezko borobila eman dio Eskoziako Gobernuari bigarren erreferenduma negoziatzeko eskatu dionean, baina badaki uko egitea ez dela auzia konpontzea, eta hertsitasuna independentisten harrobi bilaka daitekeela. SNPk hauteskunde guztiak irabazi ditu azken hamabi urteetan, goranzko joeraz irabazi ere, Westminsterrerako azken bozetan eskoziarren eserlekuen %80 eskuratzeraino. Brexit-ak hauspotu du eskoziarren berezkotasuna.

Idatziz jasoa dago, gainera, eskoziarrek beste erreferendum bat egiteko aukera, eta Londres ez da Madril. Noraino egin diezaioke muzin Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuek adostutakoari? Zaila da pentsatzea bi gobernuak ez direla eseriko. Eskoziarrek brexit-ari ezezkoa eman zioten, Europako Batasunean geratu nahi dute, eta bi aldeei ez zaie komeni auziagehiegi luzatzea, ez eskoziarrei —brexit-a gauzatu aurretik egin beharko lukete—, baina ezta Johnsoni ere, sokatik erori nahi ez badu. Horrenbeste maite dituen ustekabe horietakoren bat eman lezake, betiere, inor harritu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.