mikel p ansa
HIZPIDEAK

Inprobisatzen

2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Orain dela astebete piztu zen sua Zaldibarko zabortegiaren goiko partean. Suhiltzaileak berehala konturatu ziren ezingo zutela itzali, ezin zutelako lekura segurtasunez iritsi. Helikoptero bat airetik ura botatzen aritu zen; aurki alde egin zuen. Ideia ez zela oso ona konturatu zen baten bat; horrelako suak hondarrarekin edo lurrarekin soilik itzali beharko lirateke; zaborrari ura botatzeak lixibiatuak sor ditzake, eta ingurumen kaltea handitu. Suak piztuta jarraitu du, eta keak, zabaltzen. Robot batek gidatutako makina batekin ura botaz saiatu dira gero itzaltzen. Azkenean, herenegun baztertu zuten aukera hori; Ingurumen sailburuordeak onartu zuen hondarrarekin itzaltzen saiatuko direla, baina lekura iristeko segurtasuna bermatu behar dutela aurrena. Inprobisazioa begi bistakoa izan da.

Sua piztu eta hurrengo egunean, larunbatean, Ingurumen Sailak unitate ibiltari bat jarri zuen zabortegiaren inguruan, airearen kalitatea neurtzeko. Harrezkero, egunero ohar bat kaleratu du sailak, airea parametro normaletan zegoela esanez. Aditu askok ohartarazi dute ezin dela esan airearen kalitatea ona denik, ez baldin bada ezagutzen zer zakar ari diren erretzen: ezinezkoa da jakitea zer parametro neurtu beharko liratekeen. Atzo, Osasun Sailak onartu zuen dioxina eta furano mailak altuak direla zabortegiaren inguruan. Inprobisazioa begien bistan, berriro.

Herritarrei lasaitasun mezuak ematen kezkatuago ikusten zaio Jaurlaritzari. Baina krisiaren kudeaketak eta inprobisazio bildumak kontrako efektua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.