Moria Europako eremu jendetsu eta lotsagarriena da, Turkiaren eta Europako Batasunaren interes geopolitikoek talka egiten duten lekua, non zeregin nagusietako bat duten migratzaileen etorrera geratzea, inora joan ez daitezen, inork har ez ditzan. Greziaren asilo sistema kolapsatua harresi eraginkorra da Europako herrialdeentzat; han itxita gera daitezela, erabakirik hartzen ez den bitartean. Urteak daramatzate milaka pertsonak, ezin bizi, zabor, kirats, agintari zital, etsipen, haserre eta amorruaren erdian, suteak dena kiskali duen arte.
Iaz iragarri zuen Greziako Gobernuak kanpalekua aurten itxiko zuela —atxilotze zentro erraldoi bat eraikitzea zuen aukera bakartzat—, baina Moria itxi behar izan gabe estali zituzten zirrikitu guztiak: bakartuta izan dituzte 12.000 pertsona 3.000rentzat eraikitako gunean, koronabirusa dela eta. Inor kutsatuko balitz ez dadila bertakoengana zabaldu. Egoera lehertzean, ordea, berehala iritsi da Poliziaren jazarpen gehiago, neurri eraginkorren ordez.
Kanpalekua kiskalita, Atenasek ez du denbora galdu: «Moriak egitura itxi bat behar du, egoiliarren bizi baldintza duinak bermatzeko». Umeak soilik aterako dituzte Lesbostik. «Batzuek ez dute herri hartzailea errespetatzen. Pentsatu zuten Moria kiskaliz lortuko zutela uhartetik ateratzea. Ahatz daitezela horretaz». Ahatz daitezela Europaz.

HIZPIDEAK
Ahaztu Europaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu