HIZPIDEAK
Terrorismoa aterpe denean
Terrorismoaren erabilera maizegi jasan du herri honek; terrorismopean epaitutako biktima gehiegi ditu, eta terrorismoaren aitzakian kriminalizatutako adierazpen larregi daude, herritar kritiko eta aktiboak beldurtzeko asmoz. Horretan ez erortzeko irakasgai behar luketenak, ordea, mekanismo baliagarriak izan daitezke krisi egoeretan, Euskal Herria mendean duten estatuek erakutsi izan duten bezala: terrorista izendatzeak eta etenik gabe aipatzeak sekulako eragina du herritarrengan. Beldurra hedatzea da gobernu baten ezintasuna estaltzeko tresnarik eraginkorrena.
«Terrorismoaz hitz egiten ari gara. Terrorismoa ere bada ongizatearen eta herritarren kontra ekitea». Horiek atzo Iñigo Urkulluk egindako adierazpenak, herenegun Bilbon antolatu zuten protestaren harira. Maskararik gabe eta «askatasuna» oihukatuz «negazionistek» egindako ekintza omen, talde jakin bati erantzuten ez dioten herritarrena, horien artean «aurrekariak» ere badituzten batzuena. Denetarako balio duen zakua, bide batez esanda.
Kezkagarria da gaitzespenetik terrorismora egiten den urratsa. Batez ere «ongizatearen» eta «herritarraren» izenean politika publikoen gabeziak eta utzikeriak puri-purian dauden honetan, pandemia garaiotan. Ez al da ohar bat protesta egin nahi dutenentzat?
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.