martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Bat egiteak autoen ekonomian

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beste sektore ekonomiko askotan jazo legez, auto salmentak nabarmen egin du behera igaro berri den urtean, gure herrian eta mundu osoan. Ez dira asko izango iazko martxotik gaurdaino gora egin duten sektoreak; pandemiak ondorio kaltegarriak eragin baititu sektore guztietan, eta sektore horietako langileengan.

Duela 12 urte, 2008an, hasi zen krisi ekonomikoak bat egite asko behartu zituen: bakarrik jardun ezin, eta ordura arte konpetentziatzat zeukatenarekin batu beste erremediorik ez zuten izan. Oso desberdinak dira bat egiteak sendo dagoen handi batek sendo dagoen txiki bat irensten duenean eta etorkizunari nola aurre egin garbi ikusten ez duten bi enpresa kulunkarik bat egiten dutenean. Hamarkada askotan, atomizazioa izan da ezaugarri nagusia, enpresa asko baitzeuden sektore bakoitzean elkarren lehian.

Atzo jakin genuen oniritzia daukala Peugeot eta Fiat marka komertzialen atzean dauden bi enpresek enpresa bakarra osatzeko asmoak. Duda handiak daude autogintzaren sektorearen etorkizunaz, «erregai berdea + digitalizazioa» bikotearen aplikazioak hankaz gora jar dezakeelako autoaren kontzepzioa eta, ondorioz, merkatua.

Zertarako eduki auto bat jabetzan egunean bi orduz bakarrik erabiltzeko? Digitalizazioak erabilera partekatua eta automatizatua ekar dezake, eta askoz auto gutxiago beharko dira jende kopuru bera garraiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.