mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Titanic

2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gizateriak inoiz ikusi gabeko sorkari bat zen Titanic ontzia. Erraldoia, bizkorra, deuseztaezina. Naturaren indarrik handienetako bat, hots, ozeanoa garaitzeko sortua. Mende bat baino luzaroagoan sortu duen lilurapena halakoa izan da, erran bailiteke Mendebaldeko kulturan bederen portaera anitzen esentzia biltzen duela. Handitasun eta sendotasun ustearen sinboloa, naturaren ezusteko elementu batek hondoratua. Duela urtebete eskas, errate baterako, Europako agintari anitz lasaitasun mezuak ematen ari zirenean bezala, errateko osasun sistemak guztiz prestatuta zeudela Txinatik zabaltzen hasi zen birus ezezagun hari aurre egiteko. Baina iceberga bidean agertu zen.

Pandemia fase bikoitz batean sartu da orain: kutsatzeek erritmo handian segitzen dute, baina badago txertoa. Hala ere, Titanic-en itzala luzea da oraindik. Titanic-ek ez zituen bidaiari guztiak salbatzeko adina txalupa, eta zaurgarrientzat zeuzkatenei eman zieten lehentasuna horietan sartzeko. Protokoloa argia zen. Baina ontzia hiru klasetan banatua zegoen, eta lehen klasekoek bertzeek baino eragin handiagoa zuten zerrendaren kontrolean. Zenbatek egin dute jauzi SARS-CoV-2 birusetik immunizatzeko txalupara, zegokien baino lehenago, beren bidaia txartelean paratzen zuena baliatuta? Bidaiari horien gainean hasi eta bukatzen da errua, edo klaseen arteko banaketa horrek badu oinarrian berrikusi beharreko arazo zabalagoren bat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.