martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Argazkiaren ezagutza

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Usadioaren eragina izango da, eta baita kopuruarena ere, baina, arte museo batez hitz egiten entzuten dugunean, gehienetan koadroak eta batzuetan eskulturak datozkigu burura. Baina, zorionez, bada artearen munduan hori baino esparru gehiago, nahiz anai-arreba txikiaren tratamendua eduki askotan. Argazkilaritza da horietako bat, kontraesanean bizi dena; argazkiz inguratuta gaude —berripaper hau bera lekuko—, baina, era berean, ez diegu ematen arte izateko aski meritu.

Defizit horren jakitun, eta argazkiei eta haien egileei merezi bezalako ezagutza eskaintzeko, sortu zuen bere herrian Ramon Serras argazkilari zarauztarrak Photomuseum, Leopoldo Zugaza nekaezinarekin batera. Lan handia egin du hamarkadotan Serrasek argazkiei ikusgarritasuna ematen, herritarrak argazkigintzan formatzen; argazkiez zerbait gehiago jakin nahi duenarentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtuta.

Igandean hil zen Serras, erreferente handia gure herriko argazkilaritzan eta gure herriko argazkilarientzat, lan handia egin ondoren. Gozogile ogibidez, pastelak egiten zituen abilezia berarekin egiten zituen argazkiak, antolatzen zituen erakusketak, eta eratzen zituen ikastaroak.

Serras bezalako askoren lanari esker, kultuagoak gara denok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.