mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Euskara despolitizatu

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriko hizkuntza politiken gaineko erabaki nabarmen batzuk hartu zituzten erakunde publikoek atzo. Alde batetik, Jaurlaritzak hitzarmen bat egin du herri ekimeneko euskaltegiekin. Bertzetik, Hendaiako, Arrigorriagako eta Uharteko udalek itun bat sinatu dute Kontseiluarekin, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa garatzeko —PS Alderdi Sozialista eta EH Bildu alkatetzan dituzten herriko etxeak—. Hirugarren neurri bat ere hartu zen atzo, bertzeak baino mami sinbolikoagoa duena agian, baina deigarria, Miarritzeko Herriko Etxea Ipar Euskal Herriko lehenbizikoa izanen baita familia liburuak euskaraz ere emanen dituena. Maider Aroztegi du auzapez, frantses eskuinaren Errepublikanoak alderdiko kidea.

Euskararen eta euskaldunen egoera hobetu dadin, maiz aditu da beharrezkoa dela euskara despolitizatzea. Normalki, abertzale edo independentistek ekinaldi bat egiten dutenean euskarak espazio publikoa irabazteko, orduan erraten da hori, bertze interes batzuetarako erabiltzen dutela leporatuta. Bidasotik iparraldera alderdi politikoek azkenaldian egin dituzten mugimenduak ikusita, ordea, agian ondoriozta liteke despolitizatze hori ez dela independentistek eta abertzaleek euskararen aldeko ekinaldiak ez egitea, baizik haiekin bat egitea Euskal Herriak Frantziaren eta Espainiaren artean banatuta jarraitu behar duela defendatzen dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.