martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Itzulera poliziala

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Iraganera erantsita nahi gaituztenek eragindako bi albiste ezagutu genituen atzo, auzitegiekin lotura estuarekin biak. Estuegia, bistan denez.

Uztailean egingo dute 13/13 auziaren epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, zortzi euskal herritarren aurka. Horietako batzuk euskal preso politikoen defentsan ari ziren abokatuak ziren, eta atxilotu zituztenean 2010eko apirilean asko izan ziren salatu zutenak operazio juridiko-politiko horren helburu bakarra presoak babesik gabe eta gure herrian gertatzen ari zen prozesu garrantzitsutik kanpo uztea zela.

Atzo ezagutu genituen joan den astean Arrotxapean eta Burlatan atxilotutako hamar gazteei Espainiako Polizia Nazionalak leporatzen dizkien delituak: bost banketxeren eta bi dendaren aurkako erasoak egitea, zaborrontziak gurutzatzea eta poliziei harriak botatzea. Talde kriminala osatu dutela dio Poliziaren txostenak.

Badauzkate poliziek eta epaileak froga argiak, dudaezinak, hori ziurtatzeko edo, iraganera itzuliz, Auzitegi Nazionalean bezala Iruñeko auzitegian ere irentsi egiten dute, ezbaian jarri gabe, mugarik ez daukan literatura poliziala?

Kasu batean zein bestean, arrazoi bat baino gehiago dago salatzeko helburu politiko handia daukaten ekimen polizialak direla. Gertatuko dena ikuskizun, baina kaltea eginda dago bi auzietan sartu dituzten herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.