mikel rodriguez
HIZPIDEAK

«Disidentea!»

2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ezkerraren esentzia gisa jo izan da disidentzia. Karikaturarako eta etsipenerako motibotzat hartu izan du anitzetan. Gogoeta kritiko etengabean murgilduta egon behar duen joera politiko bat, gehiengoaren ongizatea helburu duena eta horizontaltasuna predikatzen duena, hondarrean, kritikotasun etengabe horrek zatiketaren gurpil ero batean harrapatzen duena. Monty Pythonen Judeako Herri Frontearen adar amaigabeen parodia da ezkerraren atomizatzeko joera horren laburpen famatuena: «Disidentea!».

Ezkerraren eta haren zatiketen ondoan, haren inbidia: eskuinaren batzeko ahalmena. Gizarte hierarkiko bat helburu duen joera, antolaketa hierarkiko batek batua. Ordena eta obedientzia predikatzen dituena, ordenaren eta obedientziaren eredu.

Hori diote karikaturek, baina eskuina ez dago zatiketetatik salbu. Ez da inoiz egon. Frantzian, errate baterako, mende honetako lider nagusiak elkar joka eta zangotrabaka ikusi dituzte. Espainiara duela urte batzuk ailegatu zitzaien zatiketa, eta orain gerra piztu da alderdi hegemonikoaren barrenean. Espainiako ezkerra eta erresumako bertze nazioetakoak bazter batetik irriño batez begiratzen ari zaizkio patrizio erromatarren arteko labankada bestari. Pablo Casado edo Isabel Diaz Ayuso, bakarra geldituko da zutik. Alderdia nola utziko duten, berriz, auskalo. Historiak ez du zertan garapen lineala eduki. PSOEri azken sei urteotan gertatu zaiona horren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.