Gai bat kanpainan sartu dela erraten denean, normalki, bazterrak astintzen ditu, ñuek belar luzeen artean lehoien belarriak ikusten dituztenean sortzen den ihesaldi batekin bezala. EH Bilduren zerrenden aferarenak, errate baterako, Serengeti osoa astindu du.
Eta ñuek begirada belar luzeetara zuzendu behar izan dute berriz, Nafarroako presidentearen ahotan kanpainan nolabait bigarren mailan egon den gai baten belarriak ikusi dituztenean: hizkuntza politikarenak. Maria Txibitek ez du bere ohiko jarreraz bertzelakoa den deus erran, edo ez du inor harritu proposamen berriren batekin: «bizikidetza akordio bat», «errealitate linguistikoa», «inposaketa», «borondatearekiko errespetua»... Betiko kontzeptuak erabili ditu, baina betikoak izanagatik ere ez diote kezkagarri izateari uzten.
Politikariek kanpainetan egin ohi dutenez, Txibitek zentroan jarri du bere burua, eskuinaren «kontrako politiketatik» aparte, baina «nazionalismoak praktikatzen duen» inposizioaren kontra. Lehendakariak ez ditu adibideak eman baieztatzeko nazionalistek zer gisara inposatzen duten euskara Nafarroan, eta zer dela-eta dagoen borondatezko hizkuntzatzat ezartzeko beharra. Politikari gaztelaniazaleek eginen ahal dute inoiz enpatia ariketa bat, ulertzeko zer den hiztun komunitate bati behin eta berriz erratea bereak borondatezkoa izan behar duela, baina ondokoena, aldiz, derrigorrezkoa duela?

HIZPIDEAK
Enpatia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu