Hilabete inportantea izanen da euskaldunen hizkuntza eskubideen aitortzarentzat; maila sinbolikoan bederen, hizkuntzaren berreskurapenean eta biziberritzean eragina izanen duen ikusteko denbora gehiago beharko baita. Espainiako Kongresua hilabetea bukatu aitzinetik onartzekoa da ganberan euskaraz, katalanez, galegoz eta okzitanieraz mintzatzea baimenduko duen araua, eta Europar Kontseilua heldu den asteartean biltzekoa da euskara, katalana eta galegoa Europako Batasuneko hizkuntza ofizial izendatu ala ez erabakitzeko.
Europar Kontseiluak ofizialtasuna onartzeko, EBko 27 estatuek eman behar diote baiezkoa, eta horien artean dago Frantzia. Atzo, Parisek hamaikagarren ezezkoa eman zion Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteari. Laurence Boone Europako Gaietarako estatu idazkariaren arabera, Frantziak hori eginez gero, urratu eginen luke «legearen aurreko berdintasuna», bertzeak bertze. Boonek entenditzen du berdintasuna dela hizkuntza komunitate boteretsuenak gainerakoei berea inposatu eta espazio publiko osoa hartzea, eta ez komunitate bakoitzaren artean hierarkiarik ez ezartzea. Hurrengo asteartean, hortaz, Parisek bi aukera baino ez ditu: ideal uniformizatzailea Bruselara ere eraman euskaldunei eta katalan eta galego hiztunei Europan betoa paratzeko; edo trabarik ez paratu, eta funtsean onartu Frantziako Errepublikaren berdintasun kontzeptua okerra dela.

HIZPIDEAK
Parisen botoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu