mikel p ansa
HIZPIDEAK

Pazientzia

2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez da aldaketako gobernuen lehen krisia izan, eta, orain artekoak ikusita, seguru asko ez da azkena izango. Iruñeko Udalean, Aranzadik eta Ezkerrak sarritan markatu dituzte diferentziak alkatearen taldeak hartutako erabaki batzuekin, eta lehenago ere zatitzekotan egon izan da udal gobernua. Baina orain arte akordio programatikoari eustea izan da irtenbidea —krisiak suertatu izan direnean hori bihurtu da heldulekua, udalean nahiz Nafarroako Gobernuan—, eta lortu izan dute aurrera jarraitzea. Orain arte bai, baina akordio programatikoa ez da aski izan azkeneko krisi hau gainditzeko, eta Iruñeko Udaleko gobernua zatitu egin da. Alderdi bakoitzeko jarraitzaileek izango dituzte beren argudioak fedezko ekintzei eusteko, eta nork bere santuari kandelak pizteko: batzuek esango dizute haiek autoritario batzuk direla eta ez dituztela gutxiengoen iritziak aintzat hartzen, eta besteek erantzungo dizute haiek ez dutela ezer negoziatzeko asmorik edukitzen, eta gutxiengo izanik ere beren iritziak inposatzea bilatzen dutela.

Hiru urte joan dira aldaketaren gobernuak sortu zirenetik Nafarroan. Ezertan izatekotan, mezu honetan bat egin dute guztiek: aldaketari erro sakonak eman behar zaizkio, pazientzia behar da, atzeraezinak izango diren urratsak egiteko. Orain, ikusita urak zein nahasita datozen eta bozak urtebete eskasean izango direla eta berriz ere elkarren beharra izango dutela noski, pazientzia eta zerbait gehiago beharko dute urratuak sendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.