mikel p ansa
HIZPIDEAK

Txiribuelta dialektikoak

2019ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Grande-Marlaskak adierazpen bat egin du, duela urte gutxi pentsaezina izango zena: onartu du euskal presoak sorterritik urruntzea politika bat izan zela, «politika antiterrorista». Eta ñabardura erantsi dio segituan: «Ez zen espetxe politika bat». Inportantea da ñabardura hori. Espetxe politika bat balitz, atzeraezina izango zen, pentsatzekoa baita espetxe politikak legeek ezartzen dituztela —eta itxura du hemen legeak ezin direla aldatu—. Aldiz, presoen sakabanaketa «politika antiterrorista» bat izan zenez —gobernuaren erabaki bat, alegia—, gobernuak berak alda dezake. Ñabardura inportantea da, sakabanaketa bertan behera uzteko ardura gobernuaren gain jartzen duelako. Duela urte gutxi Justizia ministro bati aditzea pentsaezina zen beste zerbait ere erantsi du Marlaskak: presoen urruntzeak ez duela zentzurik ja, ETA desagertu zelako. Gutxitan hitz egin du Madrilek horren argi.

Orain dator problema: «legea betez» eta banaka joan behar dela, Espainiak ez duela aginduko sakabanaketa kolpe batez bukatzea. Baina... «politika antiterrorista» bat baldin bazen, ja zentzurik ez duena, eta gobernuak alda badezake... zergatik ez du agindu hori emango? Zerbait egin nahi baina ausartzen ez denaren —edo zerbait egin nahi ez baina egin behar duela badakienaren— itxura dute txiribuelta dialektiko horiek. Azken buruan, egin behar dena ez egiteko. Seguru asko, garaipen bat ez oparitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.