jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Ez da aldatu ezer

2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Ez da aldatu ezer. Aldatu zituzten protokoloak, foamezko balek ordezkatu zituzten gomazko pilotak, Iñigo Cabacasi egin ziotenak ez zuen berriro gertatu behar... baina asteburuan ia gertatu da berriro. Voxen mitin baten kontrako protesta baketsu batean parte hartzen ari zen neska bat ospitalean dago, masailezurra bi tokitatik hautsita. Bai, buruan jo zioten, foamezko bala batekin. Distantzia laburrera ziurrenik, halako kaltea eragiteko. Ez da salbuespena. Jendarmeek antzeko zauriak eragin zizkioten beste neska bati iazko abenduan, Miarritzen, Flash-Ball motako bala batekin. Bi bala mota horiek hilgarriak dira.

Ez da aldatu ezer: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak esan du gertakaria ikertuko duela, baina segituan babestu ditu ertzainak, zauritua erabat ahaztuta eta gutxietsita. Ertzaintzak «lan profesionala» egin zuela eta «proportzionaltasunez» jokatu zuela nabarmendu zuen atzo Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak, ETBko En jake saioan. Adierazgarria izan zen egin zuen ahalegina neskari eragin zioten kaltea ertzainek jasan zuten erasoarekin parekatzeko edo orekatzeko.

Ez da ezer aldatu. Politikari batzuek demokraten eta biolentoan arteko eskema eta muga zaharrak berreskuratu dituzte. Beste kasu batzuetan eta honetan ematen ari diren erantzuna ikusita, hori ere bada biolentzia, instituzionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.