Europako Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak iritzia eman behar du gaur IRPH indizearen gardentasunari buruz. Hainbat hipoteka emateko erabili den erreferentzia indizea da IRPH. Dena ez baita Euriborra. Deigarria da abokatu nagusiak iritzia eman aurreko egunetan tituluak finantza erakundeek bueltatu beharreko balizko milaka milioi euroei buruzkoak izatea. Betiere aintzat hartuta abokatu nagusiaren iritzia ez dela loteslea eta oraindik ez dagoela bankuen kontrako sententziarik.
Hipotesietan oinarritutako kalkulu horietan ahaztu egiten dituzte IRPH indizea jasan behar izan duten eta jasaten ari diren milaka herritarrak. Euriborra baino indize egonkorragoa da, esaten zieten bezeroei finantza erakundeetako bulegoetan. Kasu gehienetan finantzei buruzko ezagutzarik ez zuten bezero xaloak, krisiaren eta krisiaren osteko urteek ekarri zuten finantza ikastaro trinkoa jaso gabeak. Egonkor hitzak lasaituak, hipoteka zirriborroen paperetan azaltzen ziren zenbakiek hurrengo hilabeteetan eta urteetan ustekabean izugarri gora egiteko beldurrez. IRPH indizea Euriborra baino egonkorragoa da, bai, baina IRPH indizean oinarritutako hipoteken loraldi urteetan Euriborraren gainetik egon da, nabarmen. Zer esanik ez gaur egun. Euro dezente gehiago dira hilean. Milaka batzuk hipoteka batek iraun bitartean. Horixe izan da IRPH indizeak izan duen gardentasun ia bakarra.

HIZPIDEAK
Gardentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu