Aste hauetan galdu duen protagonismo politikoa berreskuratzeko asmoz-edo, Albert Rivera Ciudadanoseko buruak proposamen bat egin du Pedro Sanchezi Espainiako gobernabidea errazteko. Alderdi laranja prest legoke PSOEkoaren inbestiduran abstenitzeko, baldin eta hark Nafarroan «gobernu konstituzionalista» bat bideratuko balu.
Ez dirudi arrakasta handirik izango duenik Riveraren proposamenak —Sanchezek erantzun dio Nafarroak jadanik baduela gobernu konstituzionalista bat—, baina berriro ere agerian utzi du Espainiako batasunaren aldekoentzat zer-nolako garrantzia daukan Nafarroak. Agerian utzi du berriro ere erresuma zaharrak Euskal Herriaren egituratze juridiko-politikoaren barruan eduki dezakeen edozein eginkizun errotik moztuko dutela estatu egiturek. 1978ko konstituzioaren ondoren, Nafarroa Gernikako Estatututik kanpo uztea erabaki zutenean bezala. 1996an, PSNk CDN eta EArekin osatu zuen koalizio gobernua lehertu zutenean bezala. Edota, 2007an, PSOEk PSNri NaBairekin gobernatzea debekatu zionean bezala. Telesforo Monzonen hitzak erabiltzearren, Euskal Herriak «hautsitako loreontzi bat» izaten jarraitu behar du, eta, horretarako, ezinbestekoa da Nafarroak lotu ezinezko zati bat izaten jarraitzea.

HIZPIDEAK
Nafarroa, Espainiaren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu