jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Gola

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aukera ederra galdu du euskal selekzioak bere izena eta aldarrikapena munduan zabaltzeko. Argentinaren aurkako partida adostu zuen Euskadiko Futbol Federazioak, baina filtrazio batek pikutara bidali du: hedabide batek behar baino lehenago eman zuen akordioaren berri, eta, konfidentziala zenez, argentinarrek bertan behera utzi dute, zilegitasun osoz. Hala, partida horrekin amets egin zuen zalea tonto aurpegiarekin geratu da, VARak bere taldearen gol bat bertan behera uzten duenean bezala. Are eta gehiago, federazioaren atzoko azalpenak entzunda: akordioaren berri «arinegi» eman zuela aitortu arren, ardura argentinarren gainean uzten saiatu baitzen.

Ohikoa da Euskal Herrian zenbait erakundek hedabide batzuei informazio esklusiboa filtratzea, eta ohikoa da ia beti berberei ematea pribilegio hori. Itsusia da beste hedabideetako langile eta hartzaileekiko, are eta gehiago, interes orokorreko gai batean. Baina horretaz haratago, arriskutsua da eta arduragabekeria galanta, hemengo harreman saretik kanpo dagoen norbaitekin ari direnean, orain frogatu den bezala. Kaltetuak euskal selekzioa eta ofizialtasuna izan direlako, azken finean.

Baina erantzulearen bila ez da aritu behar erredakzio batean edo Argentinako bulego batean: federazioa da. Hari dagokio autokritika egitea, eta atzo filtrazioa nork eta zer helbururekin egin zuen azaltzeko aukera galdu zuen. Gola bere atean sartu du, eta txalo egitea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.